XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Aita, asko falta al da Erromara iristeko?- galdetu zuen.

- Oraindik bi ordu pasa geratzen zaizkigu.

- Guk hegazkinez hainbeste denbora behar badugu zenbat egiten ote zuten antzinako erromatarrek itsasuntziz? - Hala ere, erromatarrak dela bi mila urte pasa Euskadiraino etortzen ziren.

- Orduan Erroma oso hiri zaharra da, ez da? - Ez ahal dakizu, ba, Erromaren historia? Kontatuko dizut: Jesus Belenen jaio baino askoz lehenago Numitor izeneko errege bat zegoen Italian.

Errege horren anaia matxinatu eta erregetza kendu zion.

Gero bere bi semeak hartu, otarratxo batetan jarri eta Tiber ibaian utzi zituen.

Urak oihaneraino eraman zituen.

Oihanean adar batzuetan katigatu ziren.

Egun hartan handik otso-eme bat pasatu zen eta umeen negarrak entzutean hurbildu egin zen.

- Gizarajoak!- esan zuen otso-emeak bi txikiak ikustean.

- Zein krudelak diren gizonak!- eta errukiturik, otarratxoa hortz artean hartu eta bere hartzulora eraman zuen.

Otso-emeak ondo zaindu zituen haurrak eta azkar gogortu ziren.

Bihurrikeriak ere egiten zituzten.

Egun batetan artzai batek aurkitu zituen.

Bordara eraman eta emaztearen eskuetan utzi zituen zain zitzan.

Emakumeak bi umeak ikustean honela esan zuen: - Ume hauek Numitor erregearen semeak dira!.

Numitor erregea asko maite zuten eta emakumeak oso ongi zaindu zituen bi haurrak.

Haurrak handi egin zirenean, artzainak bere aita zein zen eta errege berria nolakoa zen esan zien.

Hori jakitean armada bat bildu eta erregearen aurka altxatu ziren.

Berehala irabazi zuten eta ordutik Romulo eta Remo izan ziren lurralde hartako erregeak.

- Eta nola zen lurralde horren izena? - Lazioa zen.

- Baina bien hartean hiri bat eraikitzea nahi zuten.

- Horretarako Palatino izeneko mendiska aukeratu zuten.

- Baina hiria handiagotuz joan zen eta inguruko beste sei mendiska ere hiri bihurtu ziren.

- Horregaitik deitzen diote Erromari zazpi mendisketako hiria? - Jakina! Erroma oso indartsua bihurtu zen.

- Inguruko lurralde guztiak konkistatzen hasi zen.

- Geroago Espainia, Afrika, Alemania, Frantzia, eta abarren jabe egin zen.